Pasaiako Portuko Agintaritzak herritarrekin, bezeroekin eta erabiltzaileekin dituen harremanetan Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera normalizatua bermatu nahi du. Horretarako, Pasaiako Portuko Agintaritzak bere Hizkuntza Politika onetsi zuen 2005ean (gerora berrikusia eta onetsia 2009an eta 2011n).
Politika hori oinarri hartuta beharrezko neurriak hartzen ari gara eta beharrezko baliabideak ematen ari gara aipatutako kolektiboen hizkuntza-eskubideak pixkanaka bermatu ahal izateko. Hizkuntza Kudeatzeko Sistema eta horren bidez hizkuntzen erabilera arautzen da komunikazioan eta irudian, kanpoko harremanetan eta barne-harremanetan. Era horretan, elebitasunaren alde eginez, gure zerbitzuaren kalitatea hobetu nahi dugu, Pasaiako Portuko Agintaritzaren lanari balio erantsia eman eta gizartean modu arduratsuan jardun.
Hizkuntza kudeaketaren arloan egin dugun iblilbidea bideo honetan laburtu genuen 2011n:
Pasaiako Portuko Agintaritzaren konpromisoak:
- Normaltasunez lan egitea euskaraz eta gaztelaniaz, eta gutxienez egungo legeak agintzen duena bete.
- Sustatu, babestu eta helburuen araberako baliabideez hornitu euskararen barne eta kanpo erabilera, ezagutza eta erakundetzea indartzeko ekintzak.
- Garatu, ezarri eta mantendu Hizkuntza Ofizialen Erabilera Kudeatzeko Sistema, eta horretarako beharrezkoak diren giza eta material baliabideez hornitu.
- Txertatu hizkuntzen erabilerari lotutako helburu, ekintza eta irizpideak egun dagoen kudeaketa ereduari, eta etorkizunean ezar daitezkeen sistema, politika eta estrategiei.
- Jakitera eman Agintaritzan sortutako informazioa eta esperientzia herri-administrazioei, eta langile, erabiltzaile eta hornitzaile guztiei, eta horrela, saiatu ingurukoen jarreretan modu proaktiboan eragiten, eta euskararen erabilera sustatzeko elkarlanerako guneak garatzen.
- Zuzendaritzak du plana garatzeko ardura, egitasmoaren batzordea da horren motorra, eta guztion erantzukizuna da, arduradun eta langileona, nor bere egoeratik abiatuta, eguneroko eginkizunetan hizkuntzen trataerari begirunea izatea.
Gizartearekin dugun konpromisoagatik, gure hizkuntza-kudeaketa egokiagatik Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera normalizatuaren bidez gure zerbitzuen kalitatea gehitzeko dugun asmoagatik, Pasaiako Portuko Agintaritzak Zilarrezko Bikain - Euskararen Kalitate Ziurtagiria lortu du.