
- Portu-eremuan kontsumorako uraren hornidura-sarea sektorizatzeko proiektu batean 1,5 milioi euroko inbertsioa egin da.
- Jarduerak Europar Batasuneko Next Generation funtsen finantzaketa izan du, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) amaitu ditu portuko edateko uraren kudeaketa optimizatu eta digitalizatzeko jarduerak. 1.520.000 euroko inbertsioarekin, hornidura-sarea sektorizatzeko proiektuak instalazioak modernizatzea eta sarearen egoera denbora errealean ezagutzea ahalbidetzen du.
Sasoi Eraikuntzak, S.L. enpresa arduratu da ekimen honetako obrak gauzatzeaz. Ekimen hori Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez finantzatu da, Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Europako laguntza horiei esker, zuntz optikoko sare berri bat zabaldu da portuan zehar, edateko uraren hornidura monitorizatu eta digitalizatzeko behar diren komunikazioetarako euskarri izango dena. Gainera, azpiegitura horri esker, etorkizunean beste kudeaketa- eta kontrol-sistema batzuk txertatu ahal izango dira.
Lanak portuko hiru eremutan egin dira nagusiki: Herreran, Molinaon eta Lezon. Jardueraren helburua izan da hornidura-sarea maila moduan zabaltzea, portu-jardueran ohikoak diren kontsumo-gailurren aurrean erantzuteko gaitasuna hobetzeko, eta digitalizazio-sistema bat ezartzea, sarearen egoera une oro ezagutzeko eta ihesak errazago detektatzeko.
Horretarako, hodi-tarte berriak instalatu dira sarea osatzeko, bai eta eremu-sentsoreak, presio- eta emari-neurgailuak eta balbula motordunak ere.
Informazio hori guztia PPAn ezarritako SCADA (Supervisory Control and Data Acquisition) sisteman txertatuta dago. Aplikazio informatiko zentralizatua da, eta ura banatzeko sare osoa urrunetik gainbegiratzea eta kudeatzea ahalbidetzen du. Tresna horri esker, PPAk denbora errealean monitoriza dezake instalazioen funtzionamendua, gerta daitezkeen gorabeherak detektatu eta urrunetik jardun, zerbitzu segurua eta eraginkorra bermatzeko.
"Prozesuak digitalizatzea da gure jarduera-eremu estrategikoetako bat. Proiektu hau horren adibide da, sare hidraulikoaren emarien, kontsumoen eta presioen egoera urrunetik kontrolatzeko eta monitorizatzeko aukera emango baitigu ", nabarmendu du Izaskun Goñi PPAko presidenteak.
Proiektu honek jarraipena ematen dio Pasaiako portuko hornidura eta saneamendu sistemak berritzeari. Jarduera hori, Lezoko kaian jariatze-urak tratatzeko lanekin hasi zen eta, hau ere, Europar Batasunetik datozen Espainiako Gobernuaren funtsekin finantzatua izan zen.


