Urtero bezala, Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) larrialdiko bi simulakro egingo ditu bihar, osteguna, maiatzak 21, operadoreen eta segurtasun-ekipoen laguntzarekin.
Lehenik eta behin, 9:00etatik 9:30era, Noatum-UECCko garajean, beheko solairuan, ibilgailu batek su hartu izanaren simulazioa egingo da, dartsenaren Autobabeserako Planaren ezarpena praktikan jartzeko.
Planaren arduradunek eta taldeek parte hartuko dute, bai Portu Agintaritzakoek, bai DYAkoek edo suhiltzaileek. Era berean, Osakidetzak dagokion operatiboaren hedapena simulatzen lagunduko du.
Arratsaldean, 15:00etan, beste simulakro batek aukera emango du portuko Itsasoko Barne Planaren egiturako langileen erantzuteko gaitasuna egiaztatzeko, itsasoko kutsadura-gertakari baten aurrean. Zehazki, Repsoleko gasolindegitik barruko uretan hidrokarburoak isurtzeko simulazioa egingo da.
Gertakari faltsu horretan inplikatutako PPAko arduradun guztiek parte hartuko dute, baita portuko PIMeko erantzun-taldeek ere: Portuko Polizia, amarratzaileak, praktikoak eta atoiontziak, bai eta hondakinak kudeatzen dituen enpresa ere. Dispositiboan sartutako kolektibo horiez gain, Repsolek, Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Itsasoko Gurutze Gorriak ere parte hartuko dute.


