Pasaia Port

Etorkizuneko itsas lerroak zurekin marraztuko ditugu

Vista aérea del puerto de Pasajes

Iberdrolak teknologia berria ezarriko du Pasaian, portua deskarbonizatzeko

IMG 7527

  • Teknologiari Onshore Power Supply (OPS) deitzen zaio, eta atrakatutako ontziak energia berriztagarriz hornitzea ahalbidetuko du.  
  • UECC ontzi-enpresa izango da hornidura elektrikoko gune berriaz baliatuko den lehen enpresa, bere itsasontziek portuan egiten duten jarduerak ingurumenean eta akustikan duen eragina murrizteko.  
  • Ekimenak Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren (MITMA) babesa du, Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan – NextGenerationEU – Norgehiagokako Garraio Jasangarri eta Digitalari Laguntzeko Programan hautatua izan baita.

Nazioarteko Itsas Erakundeak (OMI) itsas garraioko isurketak ahalik eta azkarren murriztea eta 2050ean zero emisio lortzea du helburu.

Bestalde, Europako Batzordeak Fit for 55 paketea argitaratu zuen 2021ean. Proposamen horiek, itsas garraioari lotutako beste neurri batzuen artean, portuko elektrizitatearen erabilera sustatzen dute, Europar Batasuneko kide diren herrialdeen deskarbonizazio-helburuak lortzeko mekanismoetako bat den aldetik.

Testuinguru horretan, Pasaiako Portuak OPS (Onshore Power Supply) azpiegitura berritzaile bat ezarriko du Iberdrolaren eskutik, energia berriztagarritik abiatuta porturatutako itsasontzien eskari elektrikoak hornitzeko eta, horrela, haien kutsadura atmosferiko eta akustikoaren mailak murrizteko.

Iberdrolak abian jarritako ekimenak Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren (MITMA) laguntza du, Europar Batasuneko Next Generation funtsek finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan Garraio Jasangarria eta Digitala Laguntzeko Programaren bidez. Iberdrolak aurkeztutako "Onshore Power Supply teknologia hedatzea (OPS) eta Pasaia, Vigo eta Alacanteko portuetan elektrizitate-hornidura deskarbonizatzea" proiektua 1,9 milioi euroko dirulaguntza jasotzeko hautatu zuen MITMAk.

Sistemak itsasontziak portuko egonaldian lurreko sare elektrikora konektatzeko aukera ematen du. Horrela, beren sistema osagarrietarako erabiltzen dituzten motor osagarriak (ontziz aldatzeko ponpak, hozte-sistemak, argiztapena, larrialdietarako ekipoak, etab.) itzalita mantendu ahal izango dira itsasontzia merkantziak edo pertsonak kargatzeko eta deskargatzeko atrakatuta dagoen bitartean.

Zehazki, konpainia elektrikoak energia-sistema bat garatuko du Pasaiako Kaputxinoseko kaian, UECC ontzi-enpresaren ibilgailuz betetako Ro-Ro motako ontziei zerbitzua emateko, portuko trafiko nagusietako bat baita.

"UECCk interes handia erakutsi du azpiegitura hori izateko, eta teknologia hibridoaren aldeko apustua egin du bere hiru ontzi berrietan. Gainera, atrakalekuen agertoki gero eta handiagoa aurreikusi da, beraz, hiruren artean astean batetik-bost eskala bitarte egingo dituzte ", nabarmendu du David Candelariok, Portu Agintaritzako zuzendariak.

OPS edo cold ironing motako karga-puntu bat instalatuz gero, berotegi-efektuko gasen isuriak nabarmen murriztuko dira eta Portu inguruko airearen kalitatea hobetuko da; izan ere, Candelariok nabarmendu duenez, "energia iturri berriztagarri batetik datorrenean, ontzien eskaletako isuriak % 100era murriztuko lirateke".

Gainera, Nazioarteko Itsas Erakundearen (OMI) kalkuluen arabera, sortzen ari diren teknologia horien erabilerak aukera ematen du zamalanetan itsasontziek sortutako soinu-inpaktua 16 dezibeleraino murrizteko, eta, horrela, portu inguruko bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen da.

Azken batean, sistema honen abantailen artean honako hauek nabarmentzen dira: erregai tradizionalen aldean aurreztea, atmosferara isuritako emisio lokalak murriztea, atrakatzean sortutako bibrazioak eta zaratak murriztea eta motor osagarriak gutxiago higatzea. Era berean, energia-horniduraren deskarbonizazioa handiagoa izango da, Iberdrolak in situ sortutako energia fotovoltaikoarekin hornituko baititu ontziak.    

Gainerako portu-inguruneari estaldura

Gainera, sistema elektrifikatura egokitutako ontziak atrakatuta ez daudenean, soberan dagoen energia fotovoltaikoa portu-inguruneko beste operadore eta bezero batzuei estaldura emateko erabiliko da, autokontsumo kolektiboko modalitateak esploratuz, horietan konpainia elektrikoak bere gain hartzen baitu hasierako inbertsioa.

"Soberakin gehigarriak izanez gero, elektrizitate-sarera isuriko dira, autokontsumo partekatua lortzeko eta portuko gainerako energia-beharrei energia berdea emateko", azaldu du Eduardo Lobato Iberdrolako Iparraldeko Merkataritza Ordezkariak.

Iberdrolaren Pasaiako portu-ekosistemaren elektrifikazio-proiektua administrazio-emakida esleitu ondoren abiatzen da, eta 2025erako martxan egotea aurreikusten da.

OPS estazioak itsasontziarekin konektatzeko ekipo bat izango du, beso artikulatu bat duen gailu mugikor bat, garabi baten antzekoa, kablea itsasontziari azkar eta seguru konektatzeko aukera emango duena.

Estatuko Portuak erakundeak egindako kalkuluen arabera, itsasontzian sortzen den elektrizitatea erregai-erreketaren bidez sortu ordez, itsasontzia bera sarera konektatuta sortuz gero, lortzen den emisioen murrizketa oso handia da: % 96 NOx, % 8 SOx, % 94 partikulak eta % 64 CO2. Murrizketa handiagoa da energia berriztagarriekin hornituz gero, Pasaian egingo den moduan.