- Obra 2022ko urrian hasi eta 2023an amaituko da, eta 16.222 m2-ko espazio urbanizatu berri bat lortuko da, herritarren gozamenerako.
- Guztira, 5 milioi euro inguru inbertitu dira Pasaia San Pedro biziberritzeko, Portu Agintaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketari esker.
Pasaiako Portu Agintaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, portuko instalazioetan dagoen lonjaren eraikina urbanizatzeko azken fasea abiarazi du.
Maiatzean eraikinaren ondoan dagoen plaza inauguratu ondoren, Esnabide kaleko estalkiaren eta alboaren obra datorren urrian hasiko da, eta 2023an amaituko da, 3 milioi euroko inbertsioarekin.
Obrascon Huarte Lain, S.A. – Construcciones Adolfo Sobrino, S.A. ABEEa izan da obra honen esleipenduna.Obra horrek itxitzat emango du lonjaren eraikina bere inguruan integratzea ekarri duen hiri-jarduketa, eta 16.222 m2-ko espazio berri bat irekiko du herritarrek goza dezaten.
Lorategi-parkea estalkian.
Zehazki, fase berri honetan, estalki gainean ibiltzeko moduko lorategi-parke bat eraikitzea planteatzen da. Parke hori lurrezko betelan garrantzitsu baten gainean eraikitako mendi-magal batekin lotuko da, eta hainbat neurritako zuhaitz- eta zuhaixka-espezieak landatzea ahalbidetuko du. Mendi-magal horrek eraikina itxiko du, eta mendebaldeko fatxada osoaren ikus-efektua gutxitzen lagunduko du, Esnabide kalean zehar, hirigintza-oreka handiagoa lortuz.
Joakin Telleria Pasaiako Portu Agintaritzako Presidenteak azaldu duenez, “Pasaiako badiaren ingurunearekin harremana ezarri nahi da, une oro eraikina hiriarekin ahalik eta integratuen egotea bilatuz eta, era berean, eraikin zaharrak inguruari urteetan kendu zizkion paisaia- eta ingurumen-balioak bere tokira itzultzen saiatuz.”
Gainera, hirigintza-jarduketaren ondorioz, Esnabide kaleko oinezkoentzako espaloia zabalduko da, eta estalkian egonleku bat jarriko da, itzaleko banku eta egiturekin, baita haurrentzako parke batekin ere.
Obra horiekin, 2011n hasitako proiektu bat amaituko da. Proiektu horren aurretiko fasea lonjaren eraikinaren ondoan 3.000 m2-ko plaza bat eraikitzea izan zen, maiatzaren 20an inauguratu zena.
Guztira, 5 milioi euro inguru inbertitu dira San Pedroko espazio hori urbanizatzeko, eta Portu Agintaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dute, zati berdinetan.
Behin obrak amaituta eta Portu Agintaritzarekin dagokion hitzarmena sinatuta, Pasaiako Udalari dagokio espazio hori mantentzeaz arduratzea.