

Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) amaitu ditu portuko edateko uraren kudeaketa optimizatu eta digitalizatzeko jarduerak. 1.520.000 euroko inbertsioarekin, hornidura-sarea sektorizatzeko proiektuak instalazioak modernizatzea eta sarearen egoera denbora errealean ezagutzea ahalbidetzen du.
Sasoi Eraikuntzak, S.L. enpresa arduratu da ekimen honetako obrak gauzatzeaz. Ekimen hori Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez finantzatu da, Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Europako laguntza horiei esker, zuntz optikoko sare berri bat zabaldu da portuan zehar, edateko uraren hornidura monitorizatu eta digitalizatzeko behar diren komunikazioetarako euskarri izango dena. Gainera, azpiegitura horri esker, etorkizunean beste kudeaketa- eta kontrol-sistema batzuk txertatu ahal izango dira.
Lanak portuko hiru eremutan egin dira nagusiki: Herreran, Molinaon eta Lezon. Jardueraren helburua izan da hornidura-sarea maila moduan zabaltzea, portu-jardueran ohikoak diren kontsumo-gailurren aurrean erantzuteko gaitasuna hobetzeko, eta digitalizazio-sistema bat ezartzea, sarearen egoera une oro ezagutzeko eta ihesak errazago detektatzeko.
Horretarako, hodi-tarte berriak instalatu dira sarea osatzeko, bai eta eremu-sentsoreak, presio- eta emari-neurgailuak eta balbula motordunak ere.
Informazio hori guztia PPAn ezarritako SCADA (Supervisory Control and Data Acquisition) sisteman txertatuta dago. Aplikazio informatiko zentralizatua da, eta ura banatzeko sare osoa urrunetik gainbegiratzea eta kudeatzea ahalbidetzen du. Tresna horri esker, PPAk denbora errealean monitoriza dezake instalazioen funtzionamendua, gerta daitezkeen gorabeherak detektatu eta urrunetik jardun, zerbitzu segurua eta eraginkorra bermatzeko.
"Prozesuak digitalizatzea da gure jarduera-eremu estrategikoetako bat. Proiektu hau horren adibide da, sare hidraulikoaren emarien, kontsumoen eta presioen egoera urrunetik kontrolatzeko eta monitorizatzeko aukera emango baitigu ", nabarmendu du Izaskun Goñi PPAko presidenteak.
Proiektu honek jarraipena ematen dio Pasaiako portuko hornidura eta saneamendu sistemak berritzeari. Jarduera hori, Lezoko kaian jariatze-urak tratatzeko lanekin hasi zen eta, hau ere, Europar Batasunetik datozen Espainiako Gobernuaren funtsekin finantzatua izan zen.

Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) Gipuzkoako Foru Aldundiari 4.747 m²-ko eta 3.353.660 €-ko balioa duen portu-espazio bat doan lagatzea erabaki du, Adinberri fundazioak Pasaian eraikiko duen zahartze osasuntsurako erreferentziazko zentro berrirako.
Maite Peña bigarren diputatu nagusiordea eta Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Izaskun Goñi PPAko presidenteak gaur goizean irudikatu dute akordioa, eraikina altxatzen ari den lursaila bisitatzen.
Lursailaren lagapena La Herreran zentroa eraikitzeko eta Ospitalillo kaiaren inguruan lurpeko aparkaleku bat egiteko da.
"Pasaiako Portuak bere ingurunearekin duen konpromisoaren erakusgarri da akordio hau, eta Herrera Norteko hirigintza-berrikuntza sendotzea ahalbidetzen du; izan ere, Sprilurrek enpresa-eraikin berri bat eraiki berri du bertan", nabarmendu du Izaskun Goñik.
Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Adinberriko presidenteak nabarmendu du Adinberri giltzarri izango dela pertsonak erdigunean jarriko dituen Gipuzkoa eraikitzen jarraitzeko. “Proiektu honek zainketa eredu berritzailea eta komunitarioa indartuko du. Adinberrik 129 plazako egoitza izango du, bizikidetza-unitateetan antolatua, baita eguneko zentroa, 18 apartamentu tutelatu, komunitateari irekitako espazioak eta 468 plazako lurpeko aparkalekua ere. Gainera, 400 lanpostu inguru sortuko ditu zuzenean eta zeharka, eta bultzada handia emango dio Pasaiako suspertze urbanoari, sozialari eta ekonomikoari. Pasaia eta Gipuzkoa berrikuntzan eta zainketetan erreferente bihurtzen lagunduko du”.
Pasaiako Portu Agintaritzak amaitu ditu Kaizaingoaren Kontrol Zentro Erredundante berriaren obrak. BARRU arkitekturak diseinatutako proiektua Jaizubia Obras y Servicios S.L. enpresa ari da gauzatzen eta 618.700 euroko inbertsioa du.
Helburua da portuko poliziari bigarren aginte-zentro bat ematea, kontrol-zentro nagusiari eragiten dioten larrialdietan zerbitzua eguneko 24 orduetan ematea blindatzeko.
Orain arte, Pasaiako portuak kontrol-zentro bakarra zuen, Trasatlantiko eraikinaren beheko solairuan. Orain, 280 m2-ko espazio berri bat egokitu eta gaitu da Badia eraikineko 1. solairuan, instalazioak errepikatuz.
Pasaiako Portuko Kaizaingoaren lokal berriak lan-gela bat, bulego bat, office gune bat, komunak eta kontrol-zentroa ditu, baita zaintza lanetarako bi lanpostu eta bideowall-ak ere.
Esku-hartze horri esker, PPAk babes-sare indartu eta egokitu bat du, bere jarduera gainbegiratzeko beharrei etengabe erantzuteko.
"Helburua da portuko poliziak beste lokal hornitu bat izatea, Trasatlantiko Eraikina ebakuatzeak dakarren edozein larrialdi koordinatu eta artatu ahal izateko", azaldu du Izaskun Goñi Portu Agintaritzaren presidenteak.
Zentro nagusia eraberritzea
Proiektuak barne hartzen ditu, halaber, Kontrol Zentro nagusiaren barnealdea eraberritzea eta Trasatlantiko egoitzako lokala modernizatzea.
2026. urtearen amaieran aurreikusita dagoen espazio berriaren birmoldaketa amaitu arte, Portuko Poliziak Badia Eraikineko espazio berritik jardungo du.
Urtero bezala, Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) larrialdiko bi simulakro egingo ditu bihar, osteguna, maiatzak 21, operadoreen eta segurtasun-ekipoen laguntzarekin.
Lehenik eta behin, 9:00etatik 9:30era, Noatum-UECCko garajean, beheko solairuan, ibilgailu batek su hartu izanaren simulazioa egingo da, dartsenaren Autobabeserako Planaren ezarpena praktikan jartzeko.
Planaren arduradunek eta taldeek parte hartuko dute, bai Portu Agintaritzakoek, bai DYAkoek edo suhiltzaileek. Era berean, Osakidetzak dagokion operatiboaren hedapena simulatzen lagunduko du.
Arratsaldean, 15:00etan, beste simulakro batek aukera emango du portuko Itsasoko Barne Planaren egiturako langileen erantzuteko gaitasuna egiaztatzeko, itsasoko kutsadura-gertakari baten aurrean. Zehazki, Repsoleko gasolindegitik barruko uretan hidrokarburoak isurtzeko simulazioa egingo da.
Gertakari faltsu horretan inplikatutako PPAko arduradun guztiek parte hartuko dute, baita portuko PIMeko erantzun-taldeek ere: Portuko Polizia, amarratzaileak, praktikoak eta atoiontziak, bai eta hondakinak kudeatzen dituen enpresa ere. Dispositiboan sartutako kolektibo horiez gain, Repsolek, Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Itsasoko Gurutze Gorriak ere parte hartuko dute.